XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nabar-goiti derizan probintziako choko bat da Zugaramurdi.

Ez gitezen larri, geroztik, nabartarrek osoki berea balin badaukate Axular.

Aithor dezagutela bizkitartean, sortzetik hil arteraino, apez aipatu hunek Lapurdi zuela ukan gehienik begien zoragarri: Lapurdi, haurrean berean Saratik Sempererainoko zelai gizenetarat hedatzen zitzakola, Zugaramurdiko bichkarretik behatzen zuen aldi oroz.

Nabartarrekin ez samurtzeko, onetsiko daiegu bakarrik Eskual-herriaren bihotz-bihotzean zituela Axularrek iragan bere biziko lehen urtheak.

Ikasgoak

Adimendurat helduz geroz, nola eta nun zen hastetik argitu Axular, ez ginakike hanbat gehiago.

Othe zen Zugaramurdin erretor bat, berekin hartu zuenik? Ala Urdazurikoaren eskuetarat utzi zuten etchekoek?.

Auzo herri Sararat jautsi zitakela, etzaiku behinik behin iduri: beharrak edo ahaide zonbaitek ereman zuela Nabarre barnerat, sinets errechago litzaiguke.

Ez dugu ere chehetasun den gutienik haren apezgorako urratsez.

Irunen eman zuenez bere lehen meza, ala Baionan, ezin jakin dugu.

Are gutiago, nun egon zen bikari, egon bazen ere.

Agian Urquijo eskualtzain aipatuak emanen dauzkigu laster argi horiek guziak, Axularrez ageraztera doan bere liburugnoan....

Irakurtu orduko, atsegin handirekin ezarriko ditigu hemen.

Den gutieneko zalantzarik gabe erran dezakeguna, hau da: nun ere baitzen ikasten egon Axular gaztea, gogoaren betheko hazkurri ona zuela bildu han; latin eta grekaren mamirik gozoenak beretu zituela, eta barna; buru onekoa zela osoki, eta bihotzez oraino hobea.

Sortzetiko zuhurtziaren gainera jakitate bat errotikakoa eman zakoten; eskualdun menditar umeari edanarazten zakotela hurrupaka, Grezia argitsuan eta Erroma handian egin izan zen nehoiz ez bezalako arno zahar adimenduaren baitezpadako pizgailu eta odolaren neurrizko berogarria.

Nor zitaken Sara-ko erretora

Orok balin badakite Sarakotzat izendatua izan zela erretor Axular, Saran zuela eman Axularrek bere azken hatsa, nehondik ezin jakin dugu bizkitartean nola iragan zuen herri hartan bere bizia, ez eta ere nolakoa zen soinez, ibileraz, mintzoz, egitatez, egintzaz, predikaria zen ala ez, kantaria edo batere, jendekilakoa edo etchekoia, azken hitza bere zuenetz edo bertzek zituztenez harekin lehena eta azkena.

Iduri zaiku gizon zainhart lerden bat zela, gozoa bere herritarren alderat, fede handikoa, eskuzabala, begiak erne haatik eta bihotza bere sinestearen alderat khar bizi batez bethi sutan.

Mende hartan, Sara herri on bat zitaken orai bezala, ez haatik orai bezain aberatsa (...).